XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eroalearen bi muturretan tentsioa ezarrita, intentsitatea handia izango da eroalearen erresistentzia txikia bada, eta alderantziz.

Baina eroalearen erresistentzia zeren araberakoa da?.

Orain ikusiko dugunez, eroalearen erresistentzia bere luzerarekiko zuzenki proportzional da, eta bere sekzioarekiko alderantziz proportzional.

Eroalearen material-motak gainera, badu zerikusirik.

Irudian agertzen den bezalako zirkuitua muntatuko dugu nichrome hariz.

Lehendabizi, eskeman adierazten den bezala, AB hariaren luzera osoa konektatuko dugu seriez zirkuitura.

Etengailuaz zirkuitua itxita, galvanometroaren sentikortasuna aldatuko dugu, iman higikorrezko sistema bobinaren ardatzean bertikalki desplazatuz.

Orratzak 1 iragartzen duela utziko dugu.

Galvanometroaren sentikortasunik aldatu gabe, M pintza hariaren erdiko P puntura konektatuko dugu.

Horrela hariaren erdia bakarrik edukiko dugu zirkuituan.

Etengailuari eraginez, orratza 2raino joango da.

Zirkuituan dagoen intentsitatea beraz, lehen baino bi aldiz handiagoa da.

Ohm-en legeak dioenez, tentsioa aldatu ez dugunez hariaren erresistentzia lehengoaren erdia da orain.

Beraz, eroalearen erresistentzia bere luzerarekiko zuzenki proportzionala da.

Orain, lehengo zirkuitua bera muntatuko dugu eta galvanometroaren sentilkortasuna 1ean ipini, erresistentzia AB hari osoa delarik.

Ondoren, beste hari bat (berdina) ipiniko dugu A eta B puntuen artean.

Lehen hari bat zegoen lekuan, orain bi izango ditugu.

Etengailuari eraginda, galvanometroaren orratzak 2a iragarriko du.

Eroalearen erresistentzia beraz, erdira jaitsi da, eta horregatik, eroalearen erresistentzia bere sekzioarekiko alderantziz proportzionala da.

Azkenik, Nichrome hari bat ipini eta galvanometroa 1ean ipini.

Gero, haria kendu eta burdinazko haria ipiniko dugu bere ordez.

Etengailuari eraginda, galvanometroaren orratza toperaino desplazatu dela ikusiko dugu.

Zirkuituan intentsitate handiagoa dagoelako da hori, noski.

Horrek, zera esan nahi du: luzera eta sekzio berdinezko hariak izanik, burdinazkoak Nichromezkoak baino erresistentzia txikiagoa duela.

Erresistentziaren materialak ere badu zerikusirik, noski.

Izan ere R = p l /s da, eta burdinaren erresistibitatea Nichromearena baino txikiagoa da.

Proposamena: Orain arte egindako hiru saiakuntzen lehen zatia errepikatu eroalearen forma aldatuz (tolestatuta, bilduta, harilkatuta etab. ipiniz).

Esan eroaleak hartzen duen formak bere erresistentziarengan eraginik duen ala ez .